XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horiek herri bakoitzaren profetak bezala dira.

Ahalmen bereziz ornituriko pertsonaiak, barne-begiaren zoliaz munduaren barne-iluna argi ikusten dutenak, azken errealitatea, unibertsoaren sentidoa.

Baina bakoitzak bere jeinuaren arabera (bere herriaren jeinuaren), desberdin ikusten du bakoitzak, eta horretan datza herri bakoitzaren jeinu espezifikoa, tradizioan eta mitologian bere espresioa ezezik, hurrengo desarroilorako bidea finkatuta daukala.

Barne-begi zoliko aztiak, aurpegiko bi begiekin ikusten ez dena somatzeko, ulertzeko, irudi mitikoak sortzen dizkio bere herriari: arimako arketipoak.

Betidanik eta herrialde guztietan izan dira gizaki batzu, jakite ezkutu baten jabe zirela-edo, izadi arauetatik kanpoko gertariak ekar omen zitzaketenak.

Mirarigile, azti edo sorgin zeritzeien.

Beren ezagupide bereziez baliatuz, ahalmen bereziak ere bazituzten gizaki horiek: azken errealitate barnekoarekin harremanetan zeudenez gero (Ding an sich), bazekiten agerkizunetan (Erscheinung) ere hobeto jokatzen, agerkizunok besterik ezagutzen ez dituztenak baino.

Horregatik basatien eta antzinako herrien artean, razionalismoak eta materialismoak itsutu eta ezgaitu gabeko herrietan alegia, aztiak itzal haundia du, egiazko eta sakoneko jakitunaren itzala hain zuzen.

Barne-intuizio sakon horiek dituen eta jakintza berezi horren jabe den aztiaren etsaia intelektuala da, adimenzalea, razionalista.

Honek ez bait du arrazoimenaren edo adimenaren bidez ezagu daitekeena besterik errealtzat onartzen.

Eta horregatixe nahitaez beti agerkizun soilen eremuan geratzen bait da (adimena, Kantez gero, bere estrukturagatik beragatik, agerkizunen fakultatea da).

Mirandek hemen razionalista edo paganu adimentzale bezala Caesar aipatzen du, De Bacchanalibus agindu batez Ekialdetik Erromaratu ziren misterio berriak galerazi bait zituen.

Honek denak sineskeria hutsaren inpresioa emango luke, ber-bertatik Nietzscheren Die Geburt der Tragô*die gogoratuko ez balu eta Mirandek aipatzen duen Caesar horren eginkizuna, paganu adimentzalearena, zehatz eta mehazki Nietzscheren idazkian Sokratek daukana ez balitz. Ikus dezagun.

Miranderen aztia, maila honetan, Nietzscheren dionisiakoa eta satyroa adinatsu da: bion ezagupen sakona, Artisten Metaphysik, errealitatearen azken funtseraino iristen da, agerkizun soilen azpitik.

Lehen-izakiaren (Ur Sein) esperientzia sakon hori ez da egiten adimenaren eta kausalitate-azterketaren bidez, ametsaren eta zorabioaren (Rausch) bidez baizik.

Gizona agerkizunen (Phainomena) mundu anizkorrean galduta bizi da, sortzen eta itzaltzen, itxuratzen eta itxuraldatzen diren gauzen etengabeko jarioan, herioan denaren (Sein) eta ez denaren (Nicht Sein) edo itxura hutsa denaren (Schein) inpresioen azpian.

Baina amets edo zorabio dionisiakoan guzi honen barnea eta hondoa somatzen du, lehen-izakia, harekin bat izatera iristeraino.

Tragedia grekoan Nietzschek formaren eta formagabeko bizitz-isuriaren, peras eta apeiron-aren kontraipuntua deskubritu du; (...).